Eduardo Chillidak 40ko hamarraldian izan zuen lehen harremana lurrarekin, material gisa hartuta, Madrilen eskultore baten tailerrean bisitan zela, ikastun modura. Hain zuzen ere, buztinarekin egin zuen topo, eta oroitzapen desatsegina du esperientzia hartaz. Materialaren uki heze eta harikortasun horiek arbuioa eragin zioten, eta hurrengo urteetan, material gogorragoen aldeko apustua egin zuen, hala nola igeltsuaren, burdinaren, harriaren, altzairuaren eta urte honetan zehar aztertu izan ditugun beste zenbait materialen aldeko apustua.
Handik urte batzuetara, ordea, 70eko hamarraldian, lurrarekin adiskidetu zen, Saint Paul de Vincen (Frantziako Kostalde Urdinean) Maegth adiskide eta galeria jabearen tailerrean egonaldi bat egitera joan zelarik. Estudioan lanean ari zela, Han Spinner alemaniar zeramikagilearen soinu gogor eta erritmikoa entzun zuen; Joan Miró artistarentzat txamota lurrezko blokeak prestatzen ari zen Spinner.
Lur hura buztinaren oso bestelakoa zen. Askoz trinkoagoa zen, lur egosi eta hautseztatua baitzuen osagai, besteak beste. Eta askoz trinkoagoa zen, orobat, hura lantzeko modua ere: buztinaren harikortasunik ez duenez, lan fisikoagoa eskatzen zuen txamota lurrak, ez zuen buztina bezain erraz amore ematen eta materiarekiko elkarrizketa eskatzen zuen.
Lurra egosteko teknikaren arabera, lurrezko obrek askotariko koloreak izan ditzakete: lurra egurrezko labean egostean, egurraren errekuntza irregularragoa da eta oxigenoak parte hartzen du, eta, hala, lur gorrixka edo arreak sortzen dira. Obra horietako gehienei “Lurras” izena jarri zien, euskarazko izena abiapuntu hartuta, eta jatorriarekin erlazioa dute. Lur horien gainean, ebakiak egiten zituen artistak, luzetarakoak nahiz sakonagoak; harrizko zenbait sailetan egindako lana gogorarazten dute, “Harri” sailean egindakoa, esaterako.
Kolore zurixka duten piezak ere badira; labe elektrikoan egosiak dira kolore horretakoak. Zeramikazko bloke horiek oxidoan oinarrituriko marrazkiak egiteko euskarri gisa erabiltzen zituen; oxidoa, berriro egostean, belztu egiten zen. Obra horiek “Óxidos” dute izena, eta eskultura eta obra grafikoa arteko lanak dira; horietan, materia-espazioa erlazioa zuria-beltza erlazioa bihurtzen da, edo alderantziz. Teknika hori erabiliz, neurri handiko horma irudiak ere egin zituen, hainbat planok osatuak. Adibide aipagarria da Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoaren kanpoaldekoa (ikus irudia).