vacio
vacio
vacio Chillida Leku Museoa
vacio

“Behin, utopia batekin amets egin nuen: nire eskulturei atsedenerako lekua  topatu nien, eta jendea eskultura haien artetik zebilen, basoan zuhaitz artetik bezala”

 

Egileak urtetan irrikaz desiratu zuen amets hura, egia bihurtu da Chillida-Lekun: bere obraren neurrira egindako espazioa sortu nahi zuen Chillidak, bere obra ikusgai egon zedin beti. Museo monografiko hau egilearen eskulturak 50 urtez izan duen bilakaeraren eta ibilbidearen erakusgarri leiala da. Eta bertan, artista unibertsal honen lanaren handitasunaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen da. Museoa 3 gune definitutan dago banatuta. Lorategiak 12 hektarea ditu, eta haritzak eta magnoliak dira bertan nagusi; gune horretan 40 eskultura baino gehiago daude. Zerbitzuen gunean, auditoriuma (artistak nola lan egiten zuen erakusten dituzten irudiak), atseden lekua eta denda daude. Eta, azkenik, museoaren osagai nagusia aipatu behar da: Zabalaga baserria. Bertan formatu txikiagoko lanak daude, hainbat materialez eginak: korten altzairua, alabastroa, granitoa, terrakota, igeltsua, egurra edo papera.

Chillida-Leku espazio eskultorikoa da bere horretan, egilearen beste obra bat, hark formari, espazioari eta denbora metatuari buruz zuen ikuspegia ezin hobeto erakusten duena. Chillidaren galderei erantzuna aurkitzen die bisitariak, museoan zehar egiten duen ibilbidearen bitartez.

 

Istorioa

 

1983. urtean bisitatu zuten lehenengo aldiz Eduardo Chillidak eta haren emazte Pilar Belzuncek Zabalaga lursaila. Hasieratik bertatik, hunkituta gelditu ziren lursailari izena ematen dion 1543. urteko baserriaren handitasunarekin. 1984. urtean Chillida Belzuncetarrek lursailaren zati bat erosi zuten, erortzekotan zegoen baserria barne. Leku ezin hobea zen hura Chillidaren eskulturentzat, materiala herdoiltzeko azken prozesurako, batez ere. Behin prozesu hori amaituta, handik  irteten ziren eskulturak munduko hainbat lekutara, erakusteko batzuetan eta  saltzeko besteetan. Chillidak, Joaquin Montero arkitektoarekin batera, berritze lanak egin zituen baserrian, eta poliki-poliki, Chillida-Leku eskultura multzo bihurtu zen; Chillidak ez zituen jadanik bere lanak saldu nahi, eta bertan bere bilduma osatzen joan zen. Horrela sortu zen museo bat egiteko ideia; poliki-poliki inguruko lurrak erosi zituzten, gaur egun ikus ditzakegun 12 hektareak osatu arte.
Proiektu hau familiaren ondarearen bitartez finantzatua izan zenez, Chillidak askatasun osoz joka zezakeen bai bere lanak egiteko garaian, bai berak sortu bezala erakusteko garaian.
Lorategiko eskultura guztiak ukitu daitezke; museo barrukoak, aldiz, ez.

 

  vacio