vacio
vacio
vacio Haizearen Orraziaren 30. Urteurrena
vacio

“Donostiako Badiaren muturrean, Igeldo mendiaren magalean. Hantxe instalatu zuen Eduardo Chillidak 1977. urtean Haizearen Orrazia, bere artelanik maitatuena. Haren altzairuzko hiru besoak arroketan atxikiak daude itsasoz inguraturik. Hogeita hamar urte geroago, Donostiak artea eta paisaia bat egiten dituen eredu aipagarria den espazio magiadunaren urteurrena ospatuko du.”

 

Chillida-Leku Museoak, Euskal Autonomi Erkidegoko hainbat Erakundek ( Hernani eta Donostiako Udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak) bai eta zenbait Kultur Erakundek ere, 2007. urte bitartean gauzatuko den Haizearen Orraziaren inguruko Ekitaldi Egitaraua eratzen ari dira. Barne erakusketa, hitzaldi, kontzertu, emanaldi, gidatutako ibilaldiak eta ekintza hezitzaileak izango dira.

 

 

Azaroa 08

 

Hormigoia 08

 

Hormigoia 70eko hamarraldian agertu zen Eduardo Chillidaren obran, baina egileak berak zioenez, aspalditik ari zen material hori erabiltzeko ideia “hausnartzen”. Obra publikoetan da batez ere nabarmena, neurri eta iraunkortasun handiko lanak egiteko aukera ematen baitzion. Museoan, eskultura bakarra dugu hormigoiz egina, Homenaje a Jorge Guillén, hain zuzen ere (sarrera nagusiaren eskuinaldeko zelaian).

 

Hormigoiaren definizioarena arabera, konglomeratzaile bat edo gehiago (oro har, zementua) agregakinekin (legarra, hartxintxarra eta harea), urarekin eta, batzuetan, gehigarriekin eta adizioekin nahastuz sorturiko gaia da. Zementua hidratatu egiten da urarekin, eta hortik abiatuta, hainbat erreakzio kimiko konplexu gertatzen dira, nahastura gogortzea eta trinkotzea eragiten dutenak, eta harriaren trinkotasuneko material bat lortzen da prozesu horren emaitza gisa. Hormigoia eraikuntzarako materiala da, eta XX. mendearen bigarren erdialdera arte ez ziren hasi material hau eskulturan erabiltzen.

 

Eduardo Chillidak hormigoiaren ezaugarri jakin batzuk baliatu nahi zituen. Horregatik, eta artea ikerkuntzarako bide gisa, “jakina ez dena egiteko” bide gisa, hartzen zuelako, ahalegin handiak egin zituen hainbat konposaturekin saioak egiteko. Ikerkuntza horiek eta, ondoren, eskultura publikoak egiteko, José Antonio Fernández Ordóñez ingeniariaren laguntza izan zuen eskultoreak.

 

Chillidaren hormigoizko eskultura asko Arganda del Reyn egin ziren, Madrildik hurbil. Zenbait lankideren laguntzaz, eskala errealean egiten zuen eskulturaren lehenengo bertsioa, poliestireno hedatuan (kortxo zuria), eta, gero, zurezko oholez estaltzen zuen, enkofratua deritzon molde bat egiteko. Poliestirenoa kendutakoan, hormigoi likidoa isurtzen zuen enkofratuan. Hormigoia lehortu edo gogortutakoan, moldea kentzen zen, eta hormigoizko eskultura prest gelditzen zen, zegokion tokira bidaltzeko moduan. Eskultoreak, batzuetan, hormigoi armatua ere erabili izan zuen, hau da, metalezko barne egitura batez hornitutako hormigoia, obrari egonkortasuna emateko.

 

Neurri monumentaleko obra batzuetan, hormigoia in situ isuri zuen. Halakoa da, adibidez, Gijongo Elogio del horizonte. Eskultura hori itsasoaren aurrez aurre dagoen muino batean kokatuta dago, eta jendeak ostertzari behatzeko gune bat eratzen du. Eskulturak pertsonaren eskalaren eta itsasoaren handitasunaren arteko zubi gisa dihardu. Eduardo Chillidak tratamendu arkitektonikoa eman zion espazioari, eta jendea sartzeko moduko tokiak dira bere eskultura asko eta asko. Adibide aipagarriak dira, besteak beste, Casa de Goethe (1986, Frankfurt, Alemania) eta Gure Aitaren Etxea (1987, Gernika).

 

Hormigoizko eskulturetan, jakina, garrantzi berezia dute pisuak eta lebitatzeak. Chillidak “pisua erabiltzen zuen pisuari aurre egiteko”, eta hainbat tonako pisua duten piezek itxuraz arinak eman dezaten lortu zuen. Ideia hori agerikoa da altzairuzko kableetatik zintzilikatutako eskultura erraldoietan, adibidez Lugar de encuentros III (1972, Madril, Paseo de la Castellana), Lugar de encuentros IV (1973, Bilboko Arte Eder Museoa) eta Elogio del Agua (1987, Bartzelona, Creueta del Coll) eskulturetan.

 

                        

                                                                                                      

 

  vacio