vacio
vacio
vacio Hilabeteko lana
vacio

Hilabete honetan, Chillida-Leku Museoak "Hileko Obra” programa martxan jartzen du. Ekintzaren helburua hilero museoko obra bat ezagutaraztea da, museoko edukiak ikusle mota guztiei helarazteko.

 

Horretarako, sarreran, bisitariek fitxa bat hartu ahal izango dute, dibulgazio moduko zenbait jarraibide eta oharrekin, bakoitzak obra bere kabuz errazago begiratu dezan. Gutxi barru, fitxa hori museoaren web gunean ere eskuratu ahal izango da. Ekimen horri esker, ikusle mota guztiei helarazi nahi diegu gure kultur inguruneko artista txit eredugarri Eduardo Chillidaren obra eta bizia.

 

Hilabeteko obrak lotu ditzakezu RSS-ren bidez.

 

 

Abendua 2006

Elogio de la luz XX • 1990 • Alabastroa

 

 

Elogio de la Luz XX obra baserriaren barruan dago ikusgai, eta 1990. urtean sortua da. Alabastrozko bloke batean landutako eskultura da; hain zuzen ere, bloke horri kuboaren antzeko formako hutsune batzuk eginez landua.

 

Alabastroaren ezaugarri nagusia biguntasuna da, harri biguna izatea, alegia; horregatik daude material horretaz eginiko lan guztiak baserriaren barruan, babesean gordeta. Bila itzazu alabastrozko beste lan horiek; erraz aurkituko dituzu. Askotariko koloreak dituzte, baina denek dute ezaugarri komun bat: zeharrargitasuna.

 

Alabastroa material zeharrargia da, hau da, argiari pasatzen uzten dio. Begira ezazu zure ingurura; berehala jabetuko zara baserrian eskulturez gainerako beste zenbait elementutan ere material hori bera erabili dela. Aurkitu al dituzu elementu horiek? Leihoetan alabastrozko lamina finak erabili dira. Aragoi aldeko elizetan oso ohikoak dira halako leihoak; izan ere, eskualde horretan oso ugaria da alabastroa, eta handik ekarri zuten, hain zuzen ere, obra hau egiteko blokea.

 

Eduardo Chillidak argiari gorazarre bat egiteko harri zeharrargi hau erabili izana ez da halabeharra. Begiratu material horrek argiarekin duen erlazioari. Eskultura kokatuta dagoen gunean hainbat argi puntuk bat egiten dute: beirazko ate handi batek, leiho batek… Argia galeria zizelkatuetan barrena sartzen da eskulturara, eta, hala, argi-itzalen joko berezi bat eratzen da eskulturaren barruan; eskultura bizia da, hortaz, argiaren intentsitatearen eta norabidearen arabera aldatzen baita.

 

Eduardo Chillidak 60ko hamarralditik aurrera landu zuen alabastroa, Greziara bidaia bat egin ondoren. Liluratuta gelditu zen herrialde hartako tenplu klasikoetako marmolarekin: hango marmolak Mediterraneoko argi zuria atxikitzen zion arkitekturari. Euskal eskultoreak ere argiarekin lan egin nahi izan zuen, baina Kantauri aldekoarekin, hura baino ilunagoa den eta "argi beltza" deritzon argiarekin, hain zuzen ere. Eta, horretarako, material ezin hobea zuen harri hau: “Alabastroa erabiliz, argia oso era bitxian sumatzen da ertzetatik. Bertute hori daukan material bakarra da”.

 

Elogio de la Luz XX lan hau arkitekturarekin estu lotuta dago, eskultoreak espazioa lantzeko erabili zuen modu bereziagatik. Espazioa materia bera bezain garrantzizkoa da lan honetan, eta biak elkarren osagarri dira. Eduardo Chillidak harria induskatzen du, eta haitzuloak edo etxeak gogorarazten dituzten espazio batzuk eratzen ditu horrela. Pentsa ezazu izaki ñimiño bat zarela, alabastroaren barne zirrikitu horietan barrena oinez zoazela, eta argia sartzen zaizula pitzaduretatik… Zera esan zuen Eduardo Chillidak: “Harria da nire abiapuntuko unibertsoa. Harriaren barnealdea landuz unibertsoarekiko erlaziorako espazio bat eratzen dut”.

 

Beste hilabeteko obrak

  vacio