vacio
vacio
vacio Pilar Belzunce
vacio

“Nik, harreman benetan estua, Pilirekin izan dut, bizitza osoan. Pilirekin bai. Pilik eta nik elkarrekin eman dugu bizitza osoa. San Joan Gurutzekoak zioenez: “Dagoeneko ez ditut abereak zaintzen, ez dut ofiziorik; ez dut maitatzea beste ariketarik…” Ama oso kontu serioa da. Hemen ezerk ez zuen aurrera egingo bera ez balego”.

 

Pilar Belzunce De Carlos 1925eko urriaren 9an jaio zen, Filipinetan. Belzunce familiak azukre sailak zituen herrialde hartan. Pilar 15 urte zituela itzuli zen Espainiara, eta, beraz, ez zuen zuzenean bizi izan Gerra Zibila. Gerra ondoko Espainiako pentsamoldea oso itxia zen, eta aurrez aurre topo egiten zuen Pilarrek Ilo Ilon jasotako heziketarekin, irekiagoa baitzen.

 

Pilarrek Donostiara iritsi bezain laster ezagutu zuen bere bizitzako bidaide izango zuena, Roman Belzuncek eta Maria de Carlosek Chillidatarren etxearen aurrean hartu baitzuten bizitokia, beren seme-alabekin.


Eduardo Chillida ulertzeko, ezinbestean ezagutu beharra dago Pilar Belzunce. Chillidak arkitekturako ikasketak bertan behera uztea eta eskulturari heltzea erabaki zuenean –ordu arte sekula jarduera horretan aritu gabea zen arren–, Pilarrek lagundu egin zion. Chillidak Parisera joan behar zuen, han elkartzen baitziren garai hartako pentsalari eta artista nagusiak. Eta 1950eko uztailetik aurrera, ezkondu ondoren, Pili ere Frantziako hiriburura aldatu zen.


Pilar funtsezko pieza izan zen Chillidarentzat. Harenganako erabateko sinesmena zuen. Bada pasadizo bat, Pilik Chillidaren bizitzan eta obran zenbaterainoko eragina izan zuen erakusten duena: “Behin batean, Parisen, urtea joan urtea etorri lanean aritzeaz eta arrakastarik ez izateaz nazkatuta, esan nion ‘ Pili, goazen etxera, nireak egin du ’. 1950. urtea zen; ni serio-serio nengoen, haserre, etsita. Eta begiratu, eta erantzun zidan: ‘Zergatik esaten duzu zureak egin duela, oraindik ez zara hasi ere egin eta’. Hori esan zidanean idatzi nuen 'baditut atzoko eskuak, biharkoak falta zaizkit'. Eta bila jarraitu nuen".

 

Harrezkero, Pilik laguntza eta adore handia eman zion beren bizitzako erabaki garrantzitsu guztietan.


Chillidak, lehen obrak egin zituenean, Pilar Belzunceri eskatu zion kontu ekonomiko guztiez arduratzeko, berak askatasun osoz jardun ahal izateko obrak sortzen, beste ezertaz kezkatu gabe. Aurrerantzean, bada, Pilar Belzuncek izan zuen arte galeriekin negoziatzeko ardura, Chillidaren inguruko azpiegitura guztiarena, harreman publikoena eta 8 seme-alabako familia gidatzekoa.

 

1982an, Chillidatarrek proiektu handi bat jarri zuten abian, familia osoaren bizitza eta euskal kulturaren ikusmira goitik behera aldatu zuena; munduari Chillidaren obra bere sorterrian ezagutzeko aukera ematen diona proiektua hain zuzen. Pilarrek eta Eduardok ezustekoan ezagutu zuten Zabalaga baserria, euskal arkitekturako XVI. mendeko harribitxia, oso hondatuta zegoen arren, baita baserri inguruko lorategiak ere. Pilarrek animatu zuen Eduardo Chillida baserria eraberritzera, eta, berriro ere, berak hartu zuen alderdi praktiko guztien gaineko ardura, Chillidak bere sorkuntza lanean buru-belarri jarrai zezan. Harrezkero, Chillida-Lekuri eskaini zizkioten beren ahalegin guztiak. Han kokatu zituzten Chillidaren obra berri batzuk, eta artistak lehenago salduak zituen obra batzuk berreskuratzen ahalegindu zen Pilar Belzunce, Zabalagan eskultorearen ibilbide osoa ikusi ahal izan dadin.

 

Horrela hasi ziren museoaren ideia gauzatzen, eta 2000. urteko irailaren 16an inauguratu zuten museoa. Pilar Belzunce Chillida-Leku Museoaren administrazio kontseiluaren buru da, baita Eduardo Chillidaren obra eta izaera ezagutarazteko xedeaz senarrarekin batera sortutako Eduardo Chillida – Pilar Belzunce Fundazioaren administrazio kontseiluarena ere.

 

Joan:

Pilar Belzunce Biografia · Pilar Belzunceri Buruzko Galeria

 

  vacio